carbon dioxide

1. Kim.
sin. carbon(IV) oxide

CO2 formulako konposatua. Gas kolorge eta usaingabea da, airearen osagaietako bat (% 0,03 bolumenean). Landare eta animalien arnasketaren eta erregaien errekuntzaren emaitza da. Landareek fotosintesian erabiltzen dute, argi-energiaren bidez materia organikoa eta oxigenoa sortzeko. Atmosferan areagotzen ari den berotegi-efektuaren eragile nagusia da.

Karbono dioxidoaren molekula
Karbono dioxidoaren molekula

1. Kim.
CO2 formulako konposatua. Gas kolorge eta usaingabea da, airearen osagaietako bat (% 0,03 bolumenean). Landare eta animalien arnasketaren eta erregaien errekuntzaren emaitza da. Landareek fotosintesian erabiltzen dute, argi-energiaren bidez materia organikoa eta oxigenoa sortzeko. Atmosferan areagotzen ari den berotegi-efektuaren eragile nagusia da.

Karbono dioxidoa Edit

Egilea: Izaskun Gil de Muro

KARBONO DIOXIDOA

Karbono dioxidoa edo anhidrido karbonikoa CO2 (O=C=O) formulako konposatu kimikoa da. Giro-presio eta -tenperaturan gasa da, eta gure atmosferan dago. Bizidunek arnasa hartzean ekoizten dute, eta landareek fotosintesia egitean kontsumitzen dute. Erregai askoren errekuntza-prozesuen produktua da, baita sumendien edo bestelako prozesu geotermikoen ondorioa ere. Bestetik, berotegi-gas ezagunena da infragorrian xurgatzen baitu.

Propietate fisiko eta kimikoak

Karbono dioxidoa gas kolorge eta zapore gabekoa da. Hala ere, atmosferan dagoena baino kontzentrazio altuagoetan inhalatzean, zapore garratza eragin dezake, gasa listuan disolbatzean azido karbonikoa sortzen baita.

grafikoak1

Karbono dioxidoaren molekula

Karbono dioxidoaren zenbait propietate

grafikoak2

Karbono dioxidoa, CO2, erretzen ez den gas dentsoa da; horri esker, suteak itzaltzeko erabil daiteke. Metalen suteak izan ezik, metalekin erreakziona baitezake:

2 Ca (s) +CO2 (g) 2 CaO (s) + C (s)

Presio atmosferikoan eta –78,51 °C-an solido-egoeran dago, eta zuzenean sublimatzen da solidotik gasera. Karbono dioxido solidoari izotz lehor deritzo, eta hoztaile oso erabilia da. Tenperatura igotzean, sublimatu egiten da likido-aztarnarik utzi gabe; hori dela eta, asko erabiltzen da elikagaien industrian eta laborategietan. Karbono dioxidoa likidotzeko, presio altuak erabili behar dira, 5,1 atm-ko presioak edo altuagoak. Likido-egoeran presiopean garraiatzen da.

grafikoak3

Karbono dioxidoaren fase-diagrama

Karbono dioxidoa disolbagarria da uretan, eta azido karbonikoa, H2CO3, ematen du. Sistema horren azido-base espezieen kontzentrazio erlatiboak —CO2, H2CO3, HCO3 bikarbonato eta CO32 karbonato espezieenak—, disoluzioaren pHaren araberakoak izango dira. Hala, disoluzio neutroetan (pH > 6,5), adibidez, itsasoetako uretan, bikarbonato ioia izango da nagusia.

Lorpena

Karbono dioxidoa airearen destilaziotik lor daiteke, baina oso kantitate txikietan. Oro har, karbonatoetatik ateratzen da hainbat prozesuren bidez:

  • Laborategian, azido-base erreakzioen bidez karbonatoa azidotzen da. Ondoren, karbono dioxido gasa ur-disoluzioetan disolbatzen da azido karbonikoa emateko:

2 HCl (aq) + CaCO3 (s)  CaCl2 (aq) + CO2 (g) + H2O (l)

CO2 (g) + H2O (l)    H2CO3 (aq)

Disoluzio horiek hondakin azidoak neutralizatzeko erabiltzen dira.

  • Industrian, kareharria 850 °C-an berotuz lortzen da, karearekin batera:

CaCO3 (s)  CaO (s) + CO2 (g)

  • Erregai karbonodunen errekuntza-prozesuetan ere ekoizten da:

CH4 (g) + 2O2 (g)  CO2 (g) + 2 H2O (l)   gas naturalaren errekuntza

  • Pirometalurgian ere, ikatzetik karbono dioxidoa askatzen da:

2 Fe2O3 (g) + 3 C (s)  4 Fe (s) + 3 CO2 (g)   burdina lortzeko prozesua

  • Hartziduran, etanolarekin batera, karbono dioxidoaren burbuilak sortzen dira:

C6H12O6 (s)  2 C2H5OH (l) + 2 CO2 (g)

Erabilerak

Karbono dioxidoa asko erabiltzen da elikagaien industrian. Gehienbat freskagarri karbonatatuak egiteko erabiltzen da. Garagardoan edo ardo apardunetan, karbono dioxidoa hartzidura-prozesu naturalen bidez sortzen da. Legamiek ere karbono dioxidoa sortzen dute, eta legamia kimikoak karbonatoak izaten dira. Karbono dioxido fluidoa konposatu organiko askoren oso disolbatzaile ona da; hala, kafetik kafeina kentzeko eta lehorreko garbiketan erabiltzen da. Solido eta likido egoeran hoztailea da, eta, hortaz, elikagaiak garraiatzeko eta biltegiratzeko erabiltzen da.

Bestetik, sistema pneumatikoetan gehien erabiltzen den gasa da karbono dioxidoa. Suteak itzaltzeko ere erabiltzen da, bereziki, elektrizitateak sortutakoak.

Ezaugarri biologikoak

Landare eta animalia guztien eta onddo eta bakterio askoren arnasketa zelularren azken produktua da karbono dioxidoa; prozesu horretan, azukreak, gantzak eta aminoazidoak oxidatzean, energia lortzen da. Animalietan, karbono dioxido gasa odolean garraiatzen da birikietara, hortik askatzeko. Landareetan, berriz, fotosintesiaren bidez, karbono dioxidoa eskuratzen da atmosferatik.

Atmosferan, % 0,03-0,06 tartekoa da karbono dioxidoaren kontzentrazioa, eta % 5eko kontzentrazioa arriskutsua izan daiteke.

Berotegi-efektuko gas oso ezaguna da. Industrializazio-aroa hasi zenetik, eta, bereziki, erregai fosilen errekuntzaren ondorioz, karbono dioxido gehiegi ari da atmosferan metatzen; bertan, lurrazalak askatzen dituen izpi infragorriak xurgatzen ditu, eta tenperatura handiagotuz doa.